Hogei kaletan egingo dituzte errepide konponketak
Lanak bi hilabetetan amaitzea aurreikusten dute; 199.477 euroko kostua izango dute konponketek.
Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako Departamentuak errepide konponketa puntualak egingo ditu hiriko 20 kaletan. Lanak Guipasa SAU enpresari esleitu dizkio udalak eta 199.477 euroko aurrekontua dute.
Kontratua gauzatzen denetik, bi hilabete irautea aurreikusten dute, beti ere, eguraldiak eragozpenik jarriko ez balu.
Zirkulazio eragozpenak sahiesteko, kale batzuk egunez konponduko dituzte. Hain zuzen ere, Mendiola bidea, Ametzagaina kalea, San Antonio kalea, Satrustegi etorbidea eta Aizkorri kalea; gainontzekoak gauez konponduko dituzte (Ategorrieta etorbidea, Nafarroa etorbidea, Mons pasealekua, Otxoki pasealekua, Julio Urkijo pasealekua, Satrustegi etorbidea, Kortazar arkitektoa kalea, Parke kalea, Gernikako Arbola pasealekua, San Martin kalea, Zubieta kalea, Hernani kalea, Pio Baroja pasealekua, Lazkano pasealekua eta Aiete pasealekua).
Azaldu dutenez, inguruetako azpiegitura zerbitzu nagusietan ez dute eraginik izango konponketa hauek.


