Jende andana bildu da kaleratzeen aurkako manifestazioan
Protesta Stop Kaleratzeak kolektiboak deitu du, etxe duin baten alde.
Guztira, 3.000 lagun inguru bildu dira etxe kaleratzeak salatzeko egindako manifestazioan. Stop Kaleratzeak kolektiboak deituta, Donostiako kaleak bete dituzte banketxeen eta politikarien aurkako oihuekin.
Manifestazioaren buruan Etxebizitza duin baten alde leloa eraman dute, kaltetuek zeramaten pankarta batean. Beste hainbat pankarta ere eraman dituzte, banketxe eta gobernuen aurkakoak gehienak.
Plataformako kide Gaizka Jainagak azaldu duenez, gizarteak “gero eta gehiago” sentitzen du gertu arazoa. Izan ere, Jainagaren ustetan, oraindik “lotsa handia dute askok”, eta izkutuan dagoen arazo bat da kaleratzeena.
Manifestazioarekin Espainiako parlamentuan aurkeztutako herri ekimen legegileak aurrera egin eta legea garatu dezaten presioa egin nahi dute. Zehazki, presioa egiten jarraitzeko eskatu du Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak, herri ekimen legegilean eginiko proposamenak ez ditzaten aldatu.
Martxaren amaieran irakurritako komunikatuan, milaka familiek bizi duten egoera salatu dute, eta errudunak badaudela azpimarratu; “genozidio finantzieroaren aurrean arduradunak seinalatzen ditugu”, esan dute. Banketxeek gobernuen babesarekin jokatu dutela ere salatu dute eta kalean dauden familientzako konponbidea eskatu; “ez du zentzurik banketxeek milaka etxe huts izatea eta jendea kalean egotea”, esan dute.
Etxe kaleratzeen amaiera exijitu dute, eta alokairu sozialen aldeko apustua egiten dutela esan dute.





