Ilara egiten ari diren realzaleak agurtu dituzte Montanierrek eta zenbait jokalarik
Athleticen aurkako derbirako sarrerak astearte goizean jarriko dituzte salgai, 9:00etatik aurrera. Bada, 31 ordu lehenago iritsi dira lehen zaleak Anoeta estadioaren leihatilara, ostiralean San Mamesen jokatuko duten partidarako sarreraren bat eskuratzeko asmoz. Ilara luzeak espero dira, eta dagoeneko jende andana hurbildu da Anoeta estadiora. Zaleez gain, Realeko zenbait jokalari eta entrenatzailea bera bertaratu dira, zaleei ezuste atsegina emateko. Eurekin egon dira, argazkiak ateratzen eta solasean. Besteak beste, Philippe Montanier ez ezik, Xabi Prieto, Chory Castro, Carlos Martinez eta Ion Ansotegi ere izan dira zaleekin.