Marokok 24 ekintzaile sahararren aurka emandako epaia salatu du Bilduk
Ekintzaileak aske uzteko eskatu du eta ikerketa inpartzial bat egiteko.
Udal gobernuak, ohar baten bidez, Marokok asteburu honetan 24 ekintzaile sahararren kontra emandako epaia salatu nahi izan du. Azaldu dutenez, herriari goi mailako traizioa egin diotela leporatuta, kondena gogorrak ezarri dizkiete ekintzaileei, inolako frogarik gabe, nazioarteko behatzaileek egiaztatu bezala. Bestalde, giza eskubideen elkarteek salatu dute, ekintzaile horiek torturapean egin dituztela beren aitorpenak, baina epaimahai militarrak uko egin dio hori ikertzeari. Bilduren iritziz, epai horrek giza eskubideen gaineko nazioarteko parametro guztiak urratzen ditu eta helburu du herri sahararra beldurtzea, autodeterminazioaren aldeko borroka bertan behera utz dezan.
Udal Gobernuak aditzera eman nahi izan du epai hori arbuiatzen duela eta elkartasuna adierazi nahi diela kondenatutako ekintzaile sahararrei, bai eta aske utz ditzaten eskatu ere. Bestalde, ikerketa inpartzial bat eskatu du, kanpaleku horretan jazotakoa, batetik, eta egunero lurralde okupatuetan gertatzen dena, bestetik, argitzen laguntzeko. Ildo horretatik, eskatu du, baita ere, MINURSOk eskumenak izan ditzala giza eskubideak defendatu eta gainbegiratzeko. Azkenik, bere babesa agertu nahi izan dio saharar herriaren kausari, eta herri horren autodeterminazio eskubidea defendatu du.