Baratze publikoen egitasmoa jaso dute ingurumen aurrekontu proiektuan
Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektua 2.728.900 eurokoa da.
Ingurumen aurrekontu proiektua aurkeztu du gaur udal gobernuak. Bertan, Ingurumen zinegotzi Axier Jakak, baratze publikoaren egitasmoaren berri eman du. Proiektu hau aurrekontuan jasotzen dela azaldu du, eta guztira 150.000 euroko partida zuzenduko lukete horretara.
Baratze Publikoen Parkea Marrus bidearen ondoan, Garberaren atzealdean kokatuko dutela jakinarazi du Jakak. Guztira, etorkizunean 350 baratza edukiko lituzke parkeak, nahiz lehen lanak, 88 baratza egiteko bideratuko dituzten. Bakoitzak 50 metro koadroko azalera izango duela jakinarazi du eta donostiar guztiek izango dutela zozketan parte hartzeko aukera. Zinegotziak azaldu duenez, hirian erroldatuta egotearekin nahikoa izango da zozketan parte hartzeko. Ondoren, hiru adin tarte bereiziko dituzte, denak kontuan hartuak izan daitezen.
Partzela bakoitza lau urterako esleituko litzateke, eta ez du herritarrek ordaindu behar luketen gasturik zehaztu, nahiz jakinarazi duen prezioa ahalik eta baxuena izatea dela asmoa. Helburua nekazaritza ekologikoa bultzatzea dela jakinarazi du Jakak eta autokontsumorako bideratuta egongo direla baratzak.
Arratoiak eta liztor asiatikoa
Azkenik, hondakinen prebentziorako 64.000 euroko partida aurreikusi dute. Besteak beste, auzo konposta, festetan eta hostalaritzan prebentzio ekintzak eta pardel berrabilgarrien egitasmoekin jarraitzeko. Bestetik, osasun publikoa eta hezkuntza osasunari dagokionez, 820.000 euroko partida jarri dute. Jakak atal honen barruan sartzen diren ekintzak aipatu ditu: “Batetik arratoi populazioa kontrolatzeko programak, hemen aurrekontua handitu da 68.000 eurotik 80.000 eurora, eta bestalde, liztor asiatikoari aurre egiteko aurrekontua daukagu, hau da, espezie inbaditzaileei aurre egiteko programak. Eta baita antenen ordenantza berria egiteko azterketa tekniko eta juridikoa”.
Aurrekontuen gainontzekoa, hainbat arlotan banatzea aurreikusten dute. Zati handi bat ingurumenaren kalitatea hobetzerko eta sostengarritasuna eta bioaniztasuna bermatzera bideratuko lituzkete, zehazki, 1.025.00 euro. Bertan kontuan hartuko lirateke Agenda 21, klima aldaketari aurre egiteko neurriak eta udal eraikinen energia murrizteko neurriak. Jakak aurreratu du aurten 108.000 euroko partida bat ezarri dutela eraikinen birgaitzerako; “Agenda 21 plana ere berraztertzeari ekin diogu eta hirugarren plana gauzatuko dugu aurten, horretarako 50.000 euroko partida bat aurreikusi dugularik”, esan du. Atal berean, baina bioaniztasunari dagokionez 57.000 euroko partida bideratu dute.
Bukatzeko, Artikutzari dagokionez ere, azaldu du berritasun bat suposatu duela aurrekontuetan, finka honezkero ingurumen departamenduan integratu delako; “aurrekontua jarri dugu bertako bioaniztasun aberastasunaren inguruan ekintzak aurrera eramateko, hain zuzen ere 10.000 euro”, azaldu du.