Motorren aparkalekuak kudeatzeko proposamen bat eramango du PSEk udalbatzarrera
Zubieta kalean eta Ondarreta hondartzaren ondoan dauden motorren aparkalekuak hutsik daudela jakinarazi dute.
Hurrengo udalbatzarrean motorren aparkalekuak kudeatzeko proposamen bat aurkeztuko dutela azaldu du Denis Itxaso zinegotziak. Itxasoren esanetan, hiriko motorren hainbat aparkaleku “ia hutsik” daude neguan, eta horiek autoentzat izan daitezkeela uste du.
Hain zuzen ere, Zubieta kalean berriki motorrentzako bideratutako aparkalekuez edo Ondarreta hondartzaren inguruan daudenez aritu da. Azaldu duenez, neguan hutsik daude askotan, edo denboraleak eraginda, motorrak lurrean azaldu ohi dira.
Horregatik, hurrengo udalbatzarrean, neguan leku horiek autoentzat izan daitezen proposatuko du PSE-EEk. Itxasok esan duenez, ez da Bilduk hartutako neurriei egin nahi dien “eraso bat”, baizik eta “espazio publikoa hobe erabiltzeko proposamen bat”.