Protestekin jarraitu dute Ibermaticako langileek
Lau eguneko grebaren ostean, elkarretaratzea egin dute Miramongo egoitza aurrean.
Kaleratzeko arriskuan dauden Ibermaticako langileek, elkarretaratzea egin dute gaur Miramongo egoitzaren aurrean. Izan ere, aurreko astean lau eguneko greba egin dute, eta ez dutela oraindik Zuzendaritzatik erantzunik jaso jakinarazi dute. Egun, 238 lanpostu daude arriskuan; horietatik 187 Donostiako zentrokoak lirateke.
Hurrengo egunetan, protestekin jarraituko dutela ere aurreratu dute, besteak beste, bihar 18:30ean, elkarretaratzea egingo dute Garibai kaleko Kutxaren bulego aurrean.
Kutxabanken ondorioak
Ibermatica egun, Kutxako sistema informatikoaz arduratzen da. Azken urteetan ez du galerarik izan; iaz esaterako, 7,3 milioi euroko irabazia izan zuen. Langile batzordeko kideek ordea, badakite hori ez dela arazoa.
Izan ere, Ibermatica ez dela Kutxaren bezero bat soilik jakinarazi dute. Egia da, Kutxaren sistema informatikoa kudeatzen duela, baina egia da baita ere, Kutxa, Ibermaticaren sortzaileetako bat izan zela, eta egun, enpresaren %48aren jabe dela.
Enpresa batzordeak, mobilizazioen hasieran argi esan zuen, Kutxabanken «integrazio» prozesua zela lanpostu horiek galtzeko arriskuan egotearen erruduna, eta argi dute zein den arrazoia. Izan ere, azaldu dute, BBKren sistema informatikoa IDE enpresak kudeatzen zuela, eta Kutxabank eratzean, BBKk IDE enpresan zituen %50 akzioak saldu zituen. Horren ordainetan, IDEk Kutxabanken kudeaketa kontratua du 8 urterako; beti ere, enpresa batzordearen esanetan.
Beraz, orain arte Ibermaticak egiten zituen lanak IDEk egingo ditu, eta bertako langileak Ibermatican sartuko dituzte, Ibermaticakoak kaleratuz. Hori da laburbilduz, enpresa batzordeak helarazi duen langileen kaleratze arrazoietako bat.
Gipuzkoarentzako galera
Enpresa batzordeak, erantzunik jaso ez arren, negoziaketa mahai parekide bat sortu nahi du, bertan irtenbideak bilatu ahal izateko. Argi dute irtenbideak badaudela, izan ere, Ibermaticak puntako teknologia sortu eta erabiltzen du eta argi dute langile horiek beste mila kontuetara bideratzeko prestatuta daudela.
Eta okerrenean jarrita, hau da, kaleratzeetan, eskatzen dutena da, azken lan erreforma aplikatu gabe kaleratuak izatea.
Egun Ibermatica, Donostiako enpresa handienetakoa da, eta Gipuzkoan ere, fakturazio handia uzten duena. Enpresa batzordeak argi du, arazo sozial baten inguruan hitz egiten ari direla, izan ere, aurreikusten dute enpresa hau ere saldua izango dela; zehazki, inbertsio fondo bati saldua. Haien esanetan, honek, langileen prekarizazioaz gain, litekeena da egoitza nagusia eta beraz, inbertsioa, Gipuzkoatik kanpora eramatea. Honek, lurraldeko errentan bakarrik, sekulako galerak ekarriko lituzkeela uste dute.
Erlazionatutako edukiaIbermaticako langileek greba hasi dute protestekin