45.000 euroko diru laguntzak bideratuko dituzte hiriaren erreketaren bigarren mendeurrenaren ekimenetarako
Donostiaren erreketa, suntsiketa eta berreraikitzearen bigarren mendeaurrenaren inguruan egingo dituzten egitasmoentzako 45.000 euroko diru laguntzak bideratuko ditu Donostiako Udalak. Oroitzapena hainbat egitasmo, ekimen eta ospakizunez beterik dago. Horietako egitasmo asko, kolektibo, elkarte, herritar, erakunde zein empresek aurkeztutako proposamenak dira, eta horiei zuzendurik daude diru laguntzak.
Bihar, onartuko dituzte oinarriak Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordean. Azaldu dutenez, diru laguntza hauek programazioan ahalik eta proiektu eta ekimen gehienak sustatzeko helburua dute eta 2012ko urrian alderdi guztiek onartutako Erakunde Adierazpenarekin bat etorri beharko dute.
Laguntzak jasotzeko, egoitza eta jarduteko esparrua Donostian izatea eta irabazi asmorik gabekoak diren pertsona fisiko, elkarte eta erakunde izatea izango dira baldintzak. Eskaera egiteko epea hilabete batekoa izango da oinarriak argitaratzen direnetik.
Proiektuak baloratzeko orduan, kontuan edukiko dituzte, bigarren mendeurrenaren oroitzapenarekin lotuta dauden baloreen sustapena, donostiarren parte hartzea bultzatzea, emakumeen parte hartzea alderdi ez estereotipatuetatik indartzea, euskara eta gaztelaniaren erabilera, europar dimentsioa eta Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburuaren programazioarekin lotzea.