Josu Ruiz eta Euken Sese gaurko agerraldian. (Argazkia: Donostiako Udala)
Gehiago dira azken urtean Donostiako Sustapenera inguratu direnak, baita horiek sortu dituzten enpresak ere.
Donostiako Sustapenak gaur aurkeztu du enpresak sortzeko laguntza zerbitzuaren urteko balantzea. Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizek azaldu duenez, 2012. urtean 245 enpresa berri sortu zituzten Donostiako Sustapenaren laguntzarekin; 2011ean 195.
Hain zuzen ere, %26 enpresa gehiago sortu zituzten iaz. Bestalde, 1045 pertsona inguratu ziren enpresa berriak sortzeko informazio eske, aurreko urtean baino %4,4 gehiago. Informazioa eskatu zuten horietatik %23k erabaki zuen beraien enpresa dortu eta martxan jartzea.
Enpresa berriak sortzeko arloei dagokienez %85 zerbitzu tradizionalei eta merkataritzari lotuak izan direla azaldu dute. Bestalde %15a arlo estrategikoetara bideratua; ikus entzunezkoa, digitala, multimedia, energia berriztagarriak… eta halakoak.
38 urte eta gizona
Pertsona ekintzaileen batez besteko profila ere azaldu dute. Hain zuzen ere, 38 urteko gizona, langabea, goi mailako ikasketak ditueta eta 27.881 euro inguruko inbertsio proiektua duena dela esan dute. Oro har ekintzaileen %58a da gizona, eta etorkinen kasuan datu hori %65era igotzen dela azaldu dute.
Azkenik, enpresa gehien ireki diren auzoei dagokienez, Parte Zaharrean 53, Grosen 39 eta 30 Antiguan izan dira. Hala ere, aipatu nahi izan dute, Altzan, Donostiako Ekonomia Sustatzeko Planak jarritako arreta berezia dela eta 28 enpresa zabaldu dituztela.