Amable Ariasen lanik intimoenak aurkeztu dituzte Koldo Mitxelena Kulturunean
Amable Arias (Bembibre, Leon, 1927 – Donostia 1984) artistaren erakusketa zabala aurkeztu dute Koldo Mitxelena Kulturunean. Kaosari eta zoriari forma jarri diote izena erakusketari, eta artistak bere azken 20 urteetan egindako ibilbidea islatzen du.
Ikerne Badiola, Kultura, Gazteria eta kirol diputatuak adierazi duenez, “Koldo Mitxelenako liburutegiaren luzapen moduko bat izango da Amable Ariasen inguruko erakusketa, artistaren artxibo pertsonalenak baitaude ikusgai hemen”.
Erakusketako lan asko inoiz erakutsi ez diren dokumentuak eta marrazkiak dira. Badira, erretratuak, autorretratuak, marrazki bildumak, olerkiak, eta liburu naiz gutun arruntetan artistak eginiko idazkiak, oharrak edo marrazkiak.
Maru Rizo, artistaren bikoteak adierazi duenez, “oso zaila izan da erakusketa hau prestatzea, material asko zegoelako, eta lan asko oso euskarri hauskorretan eginak zeudelako”.
Kaosari eta zoriari forma erakusketak Amable Ariasen pentsamendua eta 60-70 hamarkadetako gizarte, politika eta kultur egoeraren aurrean hartu zuen jarrera islatzen ditu.
Fernando Golvano, erakusketaren komisarioaren esanetan, “Amable Ariasen lanetan argi geratzen da askatasunik gabeko garaietan garatu zituela bere lanik gehienak. Bere bizitzako azken urteetan, berriz, alderdirik intimoena islatu zuen, eta erakusketa honetan, horixe erakutsi nahi izan diogu bisitariari; garai hura ezagutzeaz gain, artista bera ere ezagutu dezatela”.
Kaosari eta zoriari forma
Koldo Mitxelena Kulturuneko erakustaretoa betetzen duen erakusketa honetan, 150 piezatik gora daude ikusgai, gehienak ezezagunak orain arte. Lan horien artean, Homenaje a Puigmiguel (1980-1981), Rollo (1981-1982), 9,5 metro luze eta 15,3 zentimetro zabalean dituen paper argizariztatua, edo Historia de Euskalerria (1983-1984) ikus daitezke. Gainera, lehen aldiz Amable Ariasek grabatutako performance poetikoak entzun ahalko dira.
Bestalde, erakusketaren erdialdean artistaren liburutegi pertsonala egongo da ikusgai. Bertan, 429 liburu, katalogo tea aldizkari daude, norn artistak bi mila marrazki, ohar eta olerki baino gehiago idatzi zituen.
Maru Rizo, artistaren bikotearen arabera, “ohitura horixe zuen, irakurtzen zituen liburuetan oharrak edo marrazkiak egitea, Tupamaros deitzen zien”.
Jarduerak
Erakusketaz gain, hainbat jarduera antolatu dituzte Amable Ariasen lanaren inguruan. Martxoaren 7an eta 14an esaterako, mahai-inguruak egingo dira, artistaren ibilbidea aztertuz.
Bestalde bisita gidatuak eta tailerrak ere antolatu dituzte. Tailerrak larunbatetan izango dira, haurrentzak, ikasleentzat nahiz publiko orokorrarentzat.
Ekimen hauetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako: Kmbisitagidatuak@ereiten.com edo 669630882. Kaosari eta zoriari forma erakusketa ekainaren 8a bitartean egongo da ikusgai Koldo Mitxelena Kulturuneko erakustaretoan.