Gazteek kudea dezaten, espazio bat luzatuko die udalak
Ekainean zabalduko dute guztiz Antiguan dagoen Gaztegunea; orain, auzolana eta kudeaketa prestatzen hasiko dira.
Gaztegunea gazteek kudeatuko duten espazioa izango da. Honela azaldu du gaur Gazteria zinegotzi Naiara Sampedrok. Baina berezitasun handiko proiektua dela ere azaldu du, izan ere, Antiguan dagoen eraikina, udalaren jabetzakoa da.
Hilabeteak daramatzate udalak eta Antiguako hainbat gaztek proiektuaren inguran elkarlanean hausnartzen, eta prozesu horren ostean, parte hartze fasean sartuko dira ekaina bitartean. Fase honetan, auzolana egingo dute hilabetean behin eraikina egokitzeko, eta udala eta gazteen arteko kudeaketa adostuko dute.
Villa Alegria izeneko eraikina haur eskola izan zen urteetan, eta egun hutsik dago. Udal gobernuak auzoz-auzo egindako bileretan, Antiguako gazteek eskaera zehatzak egin zituztela azaldu du Sampedrok, eta horietako bat elkartzeko leku baten beharra zela azaldu du. Horri erantzutera etorriko litzateke Gaztegunea.
Fase berri honi hasiera emateko, festa egingo dute larunbatean 18:00etatik aurrera eta auzoko gazte zein bizilagunei eta edozein donostiarri inguratzeko gonbitea luzatu die Sampedrok. Larunbatean, orain arte egindakoa ezagutarazi nahi dute eta prozesu berriari ateak ireki.
Prozesu aitzindaria
Gazteria zinegotziak azaldu duenez, proiektu “esperimentala” izango da lehen hau. Izan ere, lehen aldia da halako zerbait saiatzen dena. Gainera, parte hartze prozesua bera ere berezia izan dela azaldu du. Horretarako, Elhuyar Aholkularitzaren babesa izan dute; “parte hartze prozesuetan eskarmentua duen kanpo aholkularitza esnpresa da”, azaldu du Sampedrok.
Bertan izan dira lehen prozesuan parte hartu duten hainbat gazte antiguatar. Azaldu dutenez, leku fisiko baten beharra ikusten zuten aspalditik eta udalarekin harremanetan jarri zirenean horren beharra luzatu zieten lehenengo. Leku honek, gazteen harteko harremanak indartzea eta aisialdi alternatibo bat eskaintzea duela helburu azaldu dute.
Bestalde, hemendik aurrera espazioaren kudeaketaz asko dute hitz egiteko. Izan ere, helburua gazteek haiek espazioa kudeatzea eta haien “garapena eta autonomia” sustatzea bada ere, hainbat xehetasun daude udalarekin adostekoak. Hala ere, argi dute, elkarlanean arituko direla.