Izagirre: "Guztiz harro gaude hiriak duen talde honengatik"
Kopa irabazi dutela eta, alkateak eta udal talde guztiek egin diete harrera Bera Berako jokalariei.
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek zorionak eman dizkio Bera Bera Eskubaloia taldeari Kopa
irabazteagatik. Hori dela eta, harrera egin die jokalariei udaletxean.
Udalbatza aretoan egindako ekitaldian, alkateak taldeak egindako lana goraipatu du; “txapeldunak zarete, eta guztiz harro gaude hiriak duen talde honengatik”, esan du. Gaineratu du “garai hauetan” haize freskoa ekartzen diotela hiriari. Bestalde, kirolari moduan eta bereziki emakumeen kirolean eredugarriak direla aipatu du.
Bukatzeko, bertso bat abestu die jokalariei, jokoarekin hirian zabaldutako ilusioa eta poza eskertuz.
Taldeko kapitain Matxalen Ziarsolok benetan kostatako kopa izan dela azpimarratu du, baina taldeak bere buruarengan sinistu izanagatik lortu dutela. Gainera, donostiarrei haien partidak ikusteko gonbitea zabaldu die.
Alkateak oroigarri bat banatu die, eta taldekideek sinatutako kamiseta bat eman diote trukean.
Bertan izan dira udal talde guztietako ordezkariak, eta besteak beste, Josu Ruiz alkateordea eta Kiroletako zinegotzia, eta baita Berdintasun teknikari Naiara Sampedro ere.