Larrotxene kultur etxean egindako Intxaurrondo Lur Gorrian Barrena, ipuin kontaketa musikatua eta interaktiboa. Xabi Strubell eta Eneko Garaialde. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostia Kulturaren 2012ko memoria aurkeztu dute Amaia Almirall Donostia Kulturako zuzendariak eta Nerea Txapartegi udaleko Kultura ordezkariak, gaur eguerdian. Aurkezpenean eman dituzten datuen arabera, 2011tik 2012ra %13 hazi da liburutegietako erabiltzaile kopurua. Gainera, Donostia Kultura txartela ere herritar gehiagok egin dute, %8 hazi delarik kopurua. Urteko errepasoa egiterakoan, gogoan izan dute ospakizun garrantzitsuak izan dituztela, Viktoria Eugenia Antzokiaren mendeurrena, eta Loiola, Larratxo eta Okendo kultur etxeen 25. urteurrena. Gogoratu dute, auzoetako kultur etxeen helburua kultura herritarrengana ahalik eta gehien hurbiltzea dela. Hala, aipatu dutenez, 2012an, 1.300.000 erabiltzaile izan dituzte liburutegiek, eta 77.931 bazkide ditu Donostia Kultura txartelak.
Datuekin jarraituz, kultur etxeen sare zabalak 752 ikastaro eskaini zituen 2012an, eta 8.382 erabiltzaile izan zituzten ikastoro horietan. Intxaurrondo kultur etxea da gunerik berriena, eta iaz, 171.108 erabiltzaile izan zituen. Beraz, oso pozik agertu dira auzotarren harrerarekin.
2013ari begira, sormenaren bidetik jarraituko dutela diote arduradunek, eta Donostia 2016 proiektuarekin batera hainbat lan abiatuko dituztela. Eta noski, urtean zehar keinuak egiteaz gain, ongi gogoan izango dute, hainbat ekimenen bidez, hiriaren 1813ko erretzea eta berreraikitzea.