Veronica Valverde eta Tati Garmendia, gaur goizeko aurkezpenean (Argazkia: E. Zabala)
ABF Liga irabazteko bost partida falta zaizko Bera Bera Eskubaloiari, eta irabazteko aukerak ditu. Gainera, Superkopa eta Kopa lortu ditu denboraldi honetan, eta emaitza onei jarraipena emateko, jarraitzaileen bultzada nahi du. Hala, etxean jokatu beharreko Ligako azken bost partidetarako eskaintza berezia egitea erabaki dute klubeko arduradunek. “Superkopa eta Kopa ditugu. Pozik gaude eta Liga irabazteko gogoz, falta zaizkigun azken hamar partidetan. Azken lau sailkatuak jasoko ditugu Bidebietan; Guardes, Elx, Alcobendas eta Rocasa; Leon ere etorriko da, eta partida guztiak garrantzitsuak izango dira. Deia egin nahi diegu gure jarraitzaileei, beraien laguntzarik gabe ezingo baitugu Liga irabazi, eta hori da guztien helburua”, adierazi du Tati Garmendiak. Hori guztia kontuan izanik, eskaintza bereziarekin jende gehiagorengana iristea espero dute. “Bono berezi batzuk eskainiko ditugu etxean jokatzeko falta diren bost partidetarako, helduenak 25 euro balio du, eta haurrenak 12’5 euro. Bertan sartuko lirateke jokatu ditzakegun Europako lehiako hurrengo partidak”, azaldu du Valverdek.
Gainera, inguruko eskolekin harremanetan jarri da Bera Bera, ahal badute kantxako ate baten atzeko harmailak gaztetxoekin betetzeko, taldearekin egon daitezen. Asteburu honetan Atletico Guardesen aurka jokatu ostean, datorren asteazkenean, 19:00etan jokatuko du Bera Berak Ligako hurrengo partida. Astean zehar, 19:00ak gaztetxoentzat beranduegi izan daitezkeenez, Gipuzkoako gainontzeko klubetako jokalariekin bete nahi dituzte harmailak. Falta diren gainontzeko partidetarako ere gauza gehiago pentsatzen ari dira, baina pixkanaka hartuko dituzte erabakiak, jendeak erantzun ahala.