Josu Ruiz, aurreko udalbatzarrean. (Argazkia: Nagore Koch)
Udal gobernuaren proposamena izan da; egun indarrean daudenak baliogabetu eta etorkizunean gehiago ez ematea onartu dute.
Donostiako udalbatzarrak Espainiako noblezia titulu eta sariak desagerraraztearen aldeko adierazpen bat onartu du. Udal gobernuaren proposamenez, gaur egun indarrean daudenak baliogabetzeko eta etorkizunean gehiago ez emateko, hain zuzen ere.
Adierazpen horretan, Espainiako Estatuari eskatu diote ez ditzala aitortu ez berretsi, Konstituzioa onartu aurretik, 1936ko estatu kolpean eta horren ondorengo gerran lortutako “merezimenduengatik” edota diktadurako erregimenarekiko lotura eta kolaborazioagatik, eman ziren ohore eta garaikurrak.
Udal Gobernuko bozeramaile Josu Ruizek adierazi duenez, “Espainiako noblezia tituluen jatorria Erdi Aroan ezarri eta historian zehar legitimatu diren pribilejioetan dago, baina bereziki larriak dira diktadura frankistan eman eta hurrengo gobernuek berretsi dituzten tituluak. Ezin ulertuzkoa da diktadurako biktimak hobi komunetan desagertuta jarraitzea eta hura zuzendu zutenek Estatuaren ohoreak eta gorespena jasotzea”, nabarmendu du bozeramaileak.