Ana Belen Fernandez, Kutxabanki helarazi dioten idatzia eskuan duela. (Argazkia: K. M.)
Merkatuan dagoen bigarren interes tasa altuena da eta baxuago batengatik ordezkatzea aurreikusten dute.
Elkarretaratzea egin dute Stop Kaleratzeak taldeak deituta Garibai kaleko Kutxaren egoitza aurrean. Eskari formal bat helarazi diote Kutxari, hain zuzen ere, egun indarrean dagoen IRPH deituriko interes tasa “berehalakoan” aplikatzeari utz diezaion.
Izan ere, interes tasa hau egun merkatuan dagoen bigarren tasa altuena dela jakinarazi dute, eta zuzenean hipotekari lotua dihoala. Azaldu dutenez, aurreikusita dago, egungo interes tasa hau apirilaren 28tik aurrera Euriborra +%1 tasa motagatik aldatzea. Esan dutenez, honek, egun Kutxabankekin hipoteka sinatua duten ehundaka pertsona eta familiei ordaindu beharrekoa, ia erdira jaistea ekar lezake.
Hain zuzen ere, hori da Ana Belen Fernandezen kasua. Egun senarra langabezian du eta bera lanaldi murriztuarekin dago eta hipotekarengatik 1080 euro ordaintzen dituzte hilabetean. Tasa aldaketarekin, 400 euro inguru gutxiago ordainduko lituzkeela azaldu du.
Kutxabanki helarazi dioten eskarian, lehenbailehen tasa aldaketa aplikatzeko eskatu diote, asko jota, maiatzaren lehenengo egunetik. Izan ere, nahiz eta aldaketa apirilaren 28an egin, aplikazioa urria arte luzatuko litzateke. Lehenago aplikatzeak ehundaka familiek hipoteka arindu eta ordaintzeko ahalmena izatea ekarriko lukeela adierazi dute.
Aldaketa hau egitean, Kutxabanki neurri eredugarria hartu dezan eskatu diote.
Kaltetuak harremanetan jarri daitezela
Azaldu dute, asko direla tasa mota hau ordaintzen dutela ere ez dakiten familia eta norbanakoak. Hala, Stop Kaleratzeak plataformak, herritarrei dei egin die haien hipotekak berrikusi eta hala bada, beraiekin kontaktuan jartzera. Informazioa eskatzeko, eta bankuari aldaketa egin dezan eskaera formala egiteko laguntza jaso nahi izanez gero, 669428598 telefonoa eta
stopdesahucios@plazan.net kontaktuak jarri dituzte eskuragai.
Adierazi dute, 2003 eta 2004 urtetik aurrera Kutxarekin hipoteka sinatu duten ia guztiek ordaintzen dutela tasa hau.