Zezenketen aurkako kanpaina abian jarri du gaur Askekintza Animalista elkarteak.
Kontxako hondartzan hasi dute gaur zezenketen aurkako kanpaina. Hainbat lagun elkartu dira Askekintza Animalista elkarteak deitutako protestan. Mosaiko bat osatu dute denen artean, eta
Donostia antitaurina orain! leloa osatu dute. Gainera, zapi gorriak banatu dituzte herritarren artean, bertan zezenketen aurkako mezu bat idatzi eta Kontxako barandan lotzeko.
Donostia zezenketen aurkako hiri izendatzea nahi dute, eta iraila bitartean hainbat protesta egingo dituela iragarri du.
Askekintza Animalista elkarteak gogora ekarri du hamabost urte baino gehiago pasa direla Illunbeko zezen plaza “donostiarren iritzia kontuan hartu gabe” eraiki zenetik. Urte hauetan guztietan zezenketariek ia 700 zezen hil dituztela azaldu dute, beste hainbat novillo Aste Nagusian eta bestelako jaialdietan.
Gallup enpresak 1993. urtean zezenketen inguruan egindako galdeketaren emaitzak ere ekarri ditu gogora: “Gipuzkoarren %72 zezenketekiko interesik ez zuen agertu. 90eko hamarkadan Illunbeko zezen plaza ez eraikitzeko 14.000 sinadura bildu zituztela ere esan dute, eta eraikitze lanak lizentziarik gabe egin zirela: “Donostiarroi 30 milioi baino gehiago kostatu zaigu donostiar gutxi batzuek erabiltzen duten zezen plaza mantentzea”.
Horregatik, Bartzelonak egin zuen bezala, Donostia ere zezenketen aurkako hiri izendatzea nahi dute. “Diru publikoarekin zezenketa edo nobillada bat bera ere ez egitea”. Animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunak desagertzeko eskatu dute, eta animalien eskubideak errespetatzeko.
-
-