'Le journal du Pays Basque' egunkariak Anza kasuan izandako disfuntzionamenduak agerian utzi ditu
Tolosako (Okzitania) instrukzio epailea “Anza afera” artxibatzera doalarik, Le Journal du Pays basque Euskal Herriko kazetak zortzi orriko ikerketa plazaratu du gaur, inkesta horretan egon diren akats eta disfuntzionamendu larrien berri emanaz, eta epailearen erabakiaren aurkako argudioak eskainiz.
Joan den otsailean Frantziako Fiskaltzak Jon Anza ETAko kidearen heriotzari buruzko auzia artxibatzeko eskatu zuen, argudiatuta minbiziak jota zendu zela. Tolosako fiskalak ebatzi zuen minbiziak enbolia bat eragin ziola biriketan. Ikerketaren arabera, Anza 2009ko apirilaren 18an joan zen trenez Baionatik Tolosara (Okzitania), eta, bertan hartu zuen ostatu gau hartan. Baztertu egin zuten Anza bidean bahitu zutenik. Edonola ere, ikerketek ez dute balio izan argitzeko non zen Anza apirilaren 19tik 29ra bitartean; egun horretan, konortea galduta topatu zuten kalean.
Jon Anzak 2009ko apirilaren 18an hartu zuen trena Okzitaniako Tolosan ETAko kide batzuekin biltzeko. Geroztik desagertu zen eta familiak haren desagerpena salatu zuen maiatzean. Baionako prokuradoreak hura atzemateko inkesta ireki zuen orduan. 2010eko martxoaren 11an jakinarazi zuten haren gorpua Tolosako Purpan erietxean zegoela. Osasun zerbitzuek Estrasburgo etorbidean hartu zuten 2009ko apirilaren 30ean eta erietxera eraman. Maiatzaren 11an zendu zen. Hamaika hilabetez gorputegian atxiki zuten gorpua, argitu gabe nor zen. Bitartean, poliziak Anzaren desagerpena ikertzen zuen.
Jon Anza 2009an desagertu zen, eta 2010eko martxoan jakin zen ofizialki hilda zela eta gorpua Tolosako Purpan erietxean zegoela.
