Realeko emakumeen sufrimenduak merezi izan du (2-1)
Sailkapenean gora begiratzen jarraitzeko garaipen garrantzitsua lortu dute txuri urdinek.
Realeko emakumeek garaipen garrantzitsu bat lortu dute gaur Zubietan, Lagunak taldearen aurka. Txuri urdinak galtzen hasi dira 9. minutuan nafarrek penaltiz gola sartu ostean, baina bigarren zatian, partidari buelta ematea lortu dute.
Partida hasi bezain laster, iruindarrak markagailuan aurretik jarri dira Argik golean transformatu duen penaltiaren ondoren. Tantoa golpe latza izan da txuri urdinentzat, blokeaturik gelditu baitira eta ez dute jokaldi arriskutsuak sortzen lortu. Hala ere, gipuzkoarrak aurkariaren areara iritsi dira eta horren eredu lehen zatian haien alde izan diztuzten zortzi kornerrak izan dira, baina azkenean ez dira golean amaitu. 0-1 markagailuan, atsedenaldia iritsi da Zubietan.
Aldageletatik pasa ondoren, gipuzkoarrak berdinketaren bila atera dira eta, poliki-poliki, neurketan sartu dira. Bigarren zatian aukera asko izan dituzte markagailuan berdinketa lortzeko. Horietako bat Idoia Agirrek izan du 56. minutuan, baina azkenean kontrako atezainak gelditu egin du. Bost minutu pasa ondoren, Aintzane Encinasek ere buruz partida berdintzeko aukera izan du, baina baloia kanpora joan da.
79. minutuan, Itxaso Uriartek berdinketaren gola lortu du penaltiz. Horrek Naihara nafar jokalariak bigarren txartel horia ikustea ekarri du eta Lagunak bat gutxiagorekin gelditu da zelaian. Markagailuan 1-1, txuri urdinak garaipenagatik borrokatzen jarraitu dute eta, bi aukera onen ostean, Eguzkiñek bigarren gola sartu du, Maialen Zelaiari eskeini diona.
Garaipen garrantzitsua txuri urdinentzat sailkapenean gora begiratzen jarraitzeko. Orain datorren neurketa Transportes Alcaine taldearen aurka prestatu beharko dute; larunbatean Zaragozan jokatuko dute partida.
