“Nazioa egiteko tresna praktiko bat izango da Udalbiltza”, adierazi du Mertxe Aizpurua presidenteak
Udalbiltza Euskal Herriko Udalen eta hautetsien Biltzarra berrosatzeko batzarra egin dute gaur goizean Viktoria Eugenia antzokian. Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkatea izango da erakundeko presidentea. 19 kidek osatuko dute Udalbiltzaren zuzendaritza berria: Mertxe Aizpurua (lehendakaria), Iratxe Lopez de Aberasturi, Maite Iturre eta Daniel Olzomendi (lehendakariordeak), eta hiruna kide Arabatik, Bizkaitik, Nafarroa Garaitik, Gipuzkoatik eta Ipar Euskal Herritik.
Aho batez onartu dute zuzendaritza berria. Udalbiltzari babesa eman dioten hautetsien artetik hautatu dituzte zuzendaritzarako hautagaiak. Joan den astearteko datuen arabera, Euskal Herri osoko 1.227 hautetsik —horietatik, 153 dira alkateak— eman diote babesa nazio instituzioari.
Udalbiltzako presidente ohi Loren Arkotxaren eskutik jaso du aginte makila Mertxe Aizpuruak. Euskal Herria munduan kokatzeko lan egitera datorrela erakunde hau eta nazio eraikuntzarako deia egin du: “Udalbiltza berriro abian jarri dugun egun honetan dei bat egin nahiko nuke. Euskal herriko erakunde eragile hautetsi eta herritarrei nazio eraikuntzan inplika daitezen gonbitea egiten diet”.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ere hartu du hitza batzarrean: “Gaur Euskal Herria eraikitzen ari gara, eta egun hau historian markatua geratuko da”, esan du. Gainera, eskerrak eman dizkie 1999an Udalbiltza sortu zutenei.
Hiru erabaki gune izango dira Udalbiltzan: Batzar Orokorra (kide guztiek osatzen dutena, erabaki gune nagusia), Nazio Gobernua (zuzendaritza, 19 lagunez osatua. Zeregin betearazlea izango du), eta lehendakaria. Gainera, arlokako komisioak ere osatuko dituzte.
Batzarra bukatuta, abian da Udalbiltza berrantolatua.