Askapenak elkarretaratzea egingo du gaur Bulebarrean, Venezuelako herriari elkartasuna adierazteko
Venezuelako herriari eta Iraultza Bolivartarrari babesa eta elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute gaur, 20:00etan, Bulebarrean. Donostiako Askapenak deitu du elkarretaratzera, eta Sortuk bat egin du deialdiarekin.
Askapenak ohar bat kaleratu du, eta gaurko elkarretaratzearen arrazoiak bertan azaldu ditu: “Bolibartar Iraultza boterera iritsi zenetik Venezuelaren osasungintza, hezkuntza, etxebizitza zein demokrazia eredua nabarmen hobetu da; pobrezi tasen jaitsierak ere presidente ohiarekiko miresmena areagotu du. Honen lekuko dira behin eta berriro gehiengo absolutuz irabazi dituen hauteskundeak. Herriak sortzen dituen aberastasunak herrian eragiteko politika indartu zuen Chavez-ek. Horrek ekarri zuen estatu kolpe latza izatea Venezuelak 2002an. Patronalak egindako estatu kolpeak, oligarkiaren babesa edukitzeaz gain, mass media pribatu askoren laguntza jasan zuena, baita garaiko PPren gobernuaren babesa ere. Gaur da eguna esateko Chavez zanpatuekin egon dela. Jatorrizko herriekin zein kapitalismoaren eragin latzenak jasan dituzten herri sektore pobretuen alde egin duen presidentea izan dela. Estatu Batuen politika inperialari zein espainiar estatuaren transnazional handienei Venezuelan izan duten hegemonia gutxitzeari ekin dion presidentea izan dela. Behekoekin eta behekoentzako lehendakaria izan da Chavez. Beraz, gaur da eguna, bestelako eredu sozial bat eraiki nahi dugunok Chavezek egindako lana goraipatu behar duguna. Hugo Chavez hil da, Iraultza Bolibartarra bizirik dirau. Gora Iraultza Bolibartarra!”