Dbuseko autobus bat. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Informazio puntuak ez direla egokiak ez nahikoak esan dute, eta txartelak kargatzeko ere arazoak daudela.
Mugi txartelaren erabilera abian jartzerako orduan, baliabideen kudeaketa txarra egin dela salatu du PPk. Iñigo Arcauzek egin duen agerraldian azaldu du, hurrengo udal bilkurara interpelazio bat eramango duela. Hain zuzen ere, Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuri zuzenduko dizkio hiru galdera eta eskaera. Azaldu du, badakiela Albizu ez dela arduradun zuzena, baina Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan Donostiako Udala ordezkatzen duen heinean, hari zuzenduko zaiola.
Izan ere, Arcauzen esanetan, hainbat hutsegite izan ditu sistema berriaren sarrerak. Batetik, txartelak hiritar askori ez zaizkiela garaiz heldu esan du, eta hori dela eta, ohiko txartela ordaintzera behartuta daudela. Bestetik, karga puntuak ere ez dituztela ongi zaindu esan du. Hain zuzen ere, “gainezka” daudela eta horietaz arduratzen diren komertzioetako arduradunek ez dutela nahikoa informaziorik jaso Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzatik. Gaineratu du, Kutxak hilaren 16a arte ez duela zerbitzua eskainiko.
Azkenik, informazio puntuak ez direla eraginkorrak izan esan du. Easo plazan zegoena gainezka zegoela azaldu du, eta Mari kalekoak ez zuela argi adierazten bonobus soziala dunetentzako bakarrik zegoela bideratuta.
Hiru galdera
Lehenengo, udal gobernuari zergatik ez duen lehenbailehen Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin bilerarik eskatu galdetuko dio. Bigarrenik, hirian, akordatu bezala, txartela kargatzeko puntu berriak jarriko dituzten galdetuko dio. Azkenik, ea zein konpentsazio emango zaien, txartela garaiz iritsi ez zaien eta haien boltsikotik ordaindu behar izan duten hiritar horiei.
Udal bilkura, hurrengo ostegunean egingo dute.