Rafael Agirre, bere liburuarekin (Argazkia: Estitxu Zabala)
‘Donostia San Sebastian 1813-2013’ izeneko liburua osatu du Rafael Agirrek. ‘Hiriaren sute eta berrikuntzaren bigarren mendeurrena’, dio izenburupean. Bertan, urte horien artean hirian gertatutako 4.000 gertaera bildu ditu egileak. Kutxaren Andia kaleko egoitzan izan da aurkezpena, Kutxa Gizarte Ekintzari esker argitaratu baitu liburua. “Urte horietako hiriaren historia ulertzeko liburu egokia da”, aipatu du Agirrek aurkezpenean.
Guztira, 135 ataletan banatu du Agirrek liburua, eta informazioa lortzeko, hemerotekak, Donostiako Udaleko artxiboak eta hainbat autorek idatzitako lanak kontsultatu ditu.
Idatzita dagoen historian, emakumeen presentzia zein txikia den nabarmendu du Agirrek, baina hala ere, hainbat efemeride lortu ditu. Euskararen inguruko kontuek ere harreta deitu diotela aipatu du, Victor Hugo idazleak utzitako idatziak tartean. Victor Hugok hirian zenbat euskara entzuten zuen aipatu baitzuen, besteak beste. Hilketak, istripuak, udalaren tirabirak, auzoetako gertaerak… denetariko kontuak jaso du Agirrek bere liburuan, eta pasioz kontatu ditu horietako batzuk aurkezpenean. Gaurtik aurrera salgai izango da liburua, Gipuzkoako liburu dendetan.