dFeria, oihala altxatzeko prest
http://youtu.be/jfN7KzTU1cY
Arte eszenikoen jaialdia astelehenean hasiko da; egun bat lehenago, igandean, Hika Teatroak’Hitzak’ antzezlana taularatuko du euskaraz, Antzoki Zaharrean.
Hurrengo astean dantza eta antzerki ikuskizunez beteko dira hiriko antzokiak. Askotariko obrak asoko ditu dFeria jaialdiak. Astelehenean hasi eta ostirala arte, atsedenik, gabe, makina bat aktore eta dantzariren lana ikusteko aukera izango dute ikusleek.
jaialdiaren webgunean.
Hika Teatroak emango dio hasiera jaialdiari. Astelehenean Hitzak/Palabras ikuskizuna estreinatuko du gazteleraz, Antzoki Zaharrean (19:00). Egun bat lehenago, igandean (19:30), eta jaialdia hasi baino lehen, euskaraz taularatuko du ikuskizuna. Hitzekin eragindako tratu txarrei buruzko lana da: “Labankaden moduan min egiten duten hitz horiekin egindako tratu txarrei buruzkoa; harreman batean hasieran goxoak diren hitz horiek iraingarri bihurtzen direnean”, azaldu du Agurtzane Intxaurraga zuzendariak. Ainhoa Aierbe, Ane Pikaza eta Klara Badiola aktoreak sartuko dira tratu txarrak sufritzen dituen emakumearen larruan. Bikote harremanaren oraina, iragana eta etorkizuna islatuko dute, hurrenez hurren.
Astelehenean ere, Tanttaka Teatroak Soinujolearen semea / El hijo del acordeonista antzeztuko du Viktoria Eugenia Antzokian (20:30). Gazteleraz antzeztuko du dFerian. Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako obra da. Hainbat euskal aktorek parte hartu dute obra honetan. Agertokian ikusiko ditugu Aitor Beltran, Mireia Gabilondo, Joseba Apaolaza, Mikel Telleria, Asier Hernandez eta Patxo Telleria, besteak beste. Iñaki Salvadorrek jarriko dio musika ikuskizunari.
Marta Etura aktore donostiarra Losdedae konpainiaren Return obran ikusiko dugu. Gazteszenan izango da emanaldia astelehenean, 17:30ean. Hitza eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna da.
Dantzaz konpainiak ere parte hartuko du dFerian. Kalean eskainiko du Naufragoak ikuskizuna, Zurriolan, Kursaaleko terrazan (22:00). Doako emanaldia izango da. Joseba Sarrionaindiaren testuetatik, eta Mikel Laboak, Jabier Muguruzak, eta Ken Zazpik haren hitzekin sortutako musikatik abiatutako koreografia bat da. Lekeitioko Kale Festibalaren enkarguz sortu zuen obra hau Josu Mujika koreografoak. Bertan estreinatu zuten, Isuntza hondartzan. Donostian, Zurriola hondartzan egin nahi zuten emanaldia, baina Espainiako Ingurumen Ministerioak ez die utzi. Chiapuso haserre agertu da, emanaldia egin baino sei hilabete lehenago jakinarazi behar zielako jaialdiak ministerioari: “Guk ezin dugu dFeria baino sei hilabete lehenago ezer aurreikusi. Tamalgarria da hondartza erabiltzeko baimenik ez izatea”.
Haurrentzako ikuskizun bat ere izango da jaialdian. Borobil Teatroak On egin ikuskizuna aurkeztuko du Lugaritz kultur etxean, asteartean, 10:00etan. Anartz Zuazuak Hansel eta Gretelen ipuin klasikoaren inguruan egindako bertsio moderno bat da. Zuazua bera, Asier Sota eta Arkaitz Gartziandia aktoreak izango dira taula gainean. Ali Baba eta 40 lapurrak obraren ondoren, elikadurari buruzko antzezlan batekin itzuli da Zuazua dFeriara: “Obesitatea arazo bihurtu da. Espainian haurren %14ak du obesitatea. Hansel eta Gretelen istorioak bazuen gai honen inguruan hitz egiteko mamia, eta hortik tira egin nuen.
Bilbon estreinatu eta gero, Tanttakak eta Kukaik Donostian aurkeztuko dute Komunikazioa / Inkomunikazioa ikuskizuna. Ostegunean taularatuko dute Viktoria Eugenia Antzokian, 20:00etan. Bi konpainiek elkarlanean egin duten laugarren obra da hau. Mikel Laboaren izen bereko lana du inspirazio iturri.
Kukaiko dantzariez gain, Helena Golab dantzari poloniarra, Miren Gaztañaga eta Aitor Beltran aktoreak, eta Iñaki Telleria musikaria ariko dira. Antzerkiaz gain, hainbat dantza mota uztartzen dira lan honetan. Dantza tradizionala, garaikidea eta baita flamenkoa ere, Israel Galvan dantzariaren eskutik. Gainera, Jone San Martin koreografo abangoardistak ere kolaboratu du ikuskizunean, aurreskua bezalako dantza tradizionalaren bertsio berezi batekin. Mayaren hitzetan, elementu horiekin guztiekin jokatuz “guztiz aske” sentitu dira eszenatoki gainean.
dFeriari buruzko informazio guztia,