Hainbat herrialdetan euria nola bizi duten jaso dute San Telmoko erakusketa berrian
‘Euria’ erakusketa irekiko dute bihar San Telmo Museoan.
Parisko Musee du quai Branly-tik euriari buruzko erakusketa bat ekarri dute San Telmo Museora. Naturaren fenomeno honek sor ditzakeen sentimendu eta begirada ezberdinak biltzen ditu erakusketak. Izan ere, gizarteek euriarekiko dituzten itxaropen eta beldurrak erritu eta objektu ugariren bidez islatuta geratzen dira. Mundu osoko begiradak jaso dituzte bihartik aurrera ikusgai izango den bilduman, eta hainbat herrialdetan barrena bidaiatzeko aukera emango die bisitariei.
Ia ehun pieza inguru bildu dituzte Euria erakusketan. Amerika, Afrika, Asia eta Ozeanian dute jatorria. Ura erakartzeko, euritik babesteko zein euriteak gelditzeko erritu, musika, dantza, jantzi eta askotariko objektuak daude bertan. Mexikoko azteka kulturako eskultura txiki bat esaterako. Arroka bolkanikoan egindako apo itxurako eskulturatxo bat. Animalia korroka egiten ari dela dirudi, eta horrek euria erakartzen omen zuen. Kaledonia Berrian (Ozeano Barearen hego ekialdean) ere aurkitu dituzte eurizko magia egiteko harriak. Euriz kargatutako hodeiak iradokitzen dituzten harriak. Euria eskatzeko erabiltzen zuen Kanak herriak errituetan. Alaskan, haurrentzako anorakak ere aurkitu dituzte, XX. mende hasierakoak. Foka-hesteak josiz egindakoak dira. Filipinetan, Ginean, Senegalen eta hainbat herrialdetan euritik babesteko erabilitako hainbat jantzi bitxi daude ikusgai.
Aljeria, Maroko eta Sahara aldean euria erakartzeko egindako panpinak, Texas aldean egindako pieza batzuk, Burkina Fasoko dantzak… Gizakiak euriarekin izan duen harremanaren inguruan gogoeta egiteko tresnak eskuratuko ditu bisitariak. Ekainaren 2a arte izango da zabalik erakusketa.