Artelekuk Txomineko egoitzan egingo du 2013ko programazio osoa
Artelekuko 2013ko programazioaren berri eman dute, gaur goizean Txomin Eneako egoitzan bertan egindako aurkezpenean. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek eman dute xehetasun guztien berri, Ikerne Badiola Kultura diputatuak eta Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zuzendariak. Aurreratu dutenez, 2013ko programazio guztia (tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak…) egoitza berean egiteko asmoa dute. Hala, urte bukaeran trasladoari ekin beharko badiote ere, urte berriarekin egingo dute egoitza aldaketa. Izan ere, Artelekuren egoitza desagertu egingo da, eta proiektua bi espaziotan banatuko dute. Dantzari dagokiona, Dantzagunea, Errenteriara eramango dute, Lekuona okindegi zaharrera; eta gainontzekoa, ikus-entzunezko adarra, Parte Zaharreko Santa Teresa komentura.
Artelekuren jardunaren inguruan aritu da Badiola. “Gizartea aurrera mugitzen duen indarra da artea”, adierazi du diputatuak. Hala, aurrerantzean ere, Arteleku ikerketa, eztabaida eta sormenerako lekua izango dela aipatu du Badiolak. “Arteleku ez da sekula bakarra eta uniformea izan, milaka ikuspegi ditu”, gehitu du. Azken batean, uholdeen ondorioz Arteleku urak hartuta utzitako garaia utzi, eta aurrera begiratu beharra dagoela adierazi du Badiolak.
Garazi Lopez de Etxezarretak 2013ko programazioak sei ildo nagusi izango dituela aipatu ditu: Laborategiak, feminismoak, grafika tailerrak, argazkilaritza, kolaborazioak eta mediateka. Hala, arte garaikidearen praktikan, 30 proiektu, tailer, hitzaldi eta jarduera baino gehiago antolatu dituztela azaldu du. Aurreko urteetan bezala, Audiolab, Mugatxoan, Irudia Mugimenduan eta Artea eta Teknologia laborategiek protagonismo berezia izaten jarraituko dute. Baina aldi berean, bultzada eman nahi diete mediatekari eta arte feministari. Programazioa gauzatzeko, 153.000 euro bideratu ditu aldundiak.
Gainera, Artelekuk webgune berritua aurkeztu du, eta bertan kontsulta daiteke urteko programazio osoa. Webgune berrituan erabiltzaileek espazio bat dute, ekarpenak egiteko. Gainera, mediatekak espazio birtual bat izango du bere fondoak dinamizatzeko aukera eskaintzeko.



