
Dolores Redondoren ‘Zaindari ikusezina’ liburua izan da gaur arratsaldeko protagonista, Parte Zaharreko Elkar megadendan. Bertan izan baita idazlea, hainbat lagunen aurrean, bere eleberriaren inguruko azalpenak ematen. Redondo donostiarra da izatez, baina Nafarroako Zintruenigo herrian bizi da. Zuzenbidea eta sukaldaritza ikasi zituen, eta hainbat lanbide izan ditu. Bere idazle ibilbidea istorio laburrak idatziz eta haur literaturarekin harremanetan hasi zuen. Hala, 2009an argitaratu zuen bere lehen nobela, baina benetako arrakasta ‘Zaindari ikusezina’ nobelarekin iritsi zaio. Baztanen kokatutako nobela beltza da, eta iazko urtarrilean argitaratu zuen jatorrizko bertsioa, gazteleraz. Ordutik, dagoeneko sei hizkuntzetara itzuli dute, eta filma egiteko eskubideak ere erosi dituzte. “Gertaeretarako Baztan aukeratzea, bizitzan hartu dudan erabakirik onena izan da”, azaldu du egileak. Azken batean, hau lehenengo liburua baino ez da, beste bi idazteko asmoa baitu Redondok. Beraz, istorioak jarraituko du.