Euskarara hurbiltzeko 'Auzoko' egitasmoa sortu nahi dute
Astelehenean deitu dute bilkurara; euskaratik urrun bizi diren eta gerturatu nahi dutenen arteko topagunea izatea du helburu.
Intxaurrondon Auzoko izeneko egitasmoa sortu nahi dute. Auzoan zein Donostian euskara urrun bizi dutenak euskarara hurbiltzeko topaleku bat izatea du helburu. Beste hainbat auzotan egin dute egitasmo hau. Hurrengo astelehenean bilera egingo dute Intxaurrondon, bertan ere taldea sortzeko. Ipar Haizea eta Plazara Goaz elkarteen lokalean jarri dute zita, 19:00ean
Horretaz gain, donostiarrak herriko hizkuntza aniztasunaren jabe egin eta hainbat hizkuntzetako herritarrak harremanetan jarri nahi dituzte, beti ere, norberarena aintzat hartuta. Hala, euskararen baitan, hainbat hizkuntzen topaleku izan nahi du Azokok.
Hori lortzeko, euskara komunikazio eta kohesio hizkuntza bezala erabiliko dute. Oinarrian, ludikotasuna, hau da, jolasak, tailerrak eta abar jarriko dituzte. Azaldu dutenez, aniztasuna eta elkartrukea jorratuko dira berdintasun gune batean.
Hala, gonbitea luzatu dute astelehenean parte hartzera. Euskaraz ez dakien eta euskaraz dakien herritarrengana hurbiltzeko bide berriak frogatzeko, herrian hitz egiten diren gainontzeko hizkuntzak gertutik ezagutzeko, auzoko taldeetan ongi pasatzeko edo esperientzia berriak ezagutzeko.
Aurten, dagoeneko Antiguako taldea martxan da, baina Intxaurrondokoa oraindik ez.


