Haurrentzako eskubaloi campusa antolatu du Bera Berak
Bera Berako eskubaloi sailak eskaintza berezia zabaldu du Pazko Asterako. Hala, benjamin eta alebin mailako haurrentzat, hau da, 2001 eta 2004 urteen artean jaiotakoak, Bera Berak eskubaloia ardatz nagusitzat duen campusa antolatu du. Bidebietako kiroldegian eta inguruan egingo dituzte jarduerak guztiak. Zehazki, apirilaren 2tik 5era izango da campusa, 9:00etatik 13:00etara.
Ekimeneko arduradunak harrobiko koordinatzailea, Veronica Valverde, eta Maria Gracia, entrenatzailea, izango dira. Horiez gain, Reyes Karrere eta Martin Larrañaga ohorezko mailako taldeko entrenatzaileak eta jokalariek ere parte hartuko dute, baita harrobiko kadete eta jubenil mailakoek ere. Azken batean, haurrak kirolera gerturatzeko asmoz antolatu dute campusa, eta batez ere, eskubaloiera hurbiltzeko, jokuen bitartez taldeko harremana landuz, eta baloia tresna gisa erabiliz.
Kirol txartela dutenek 35 euro ordaindu beharko dituzte, gainontzekoek, berriz, 42 euro. Informazio gehiago nahi duenak 943-45 81 66 telefonora dei dezake edo eskubaloieskola@berabera.com helbide elektronikora idatz dezake.



