Urgulleko hiru guneek hainbat jarduera eskainiko dituzte datozen bi asteetan
Aste Santuko eta Pazko Asteko egunetan zabalik eta ekimenez josita izango dira Urgull mendiko hiru guneak: Liburutegia (Damen bateria), Natur Txokoa (Gobernadorearen bateria) eta Historiaren Etxea (Motako Gaztelua). Batez ere haur eta familiei zuzendutako jarduerak antolatu dituzte, eta aurten, bereziki koordinatu dira, hiriaren erreketaren bigarren mendeurrenari keinu bat egiteko. Iaz, bi aste horietan 8.900 lagun inguru igaro ziren hiru guneetatik, beraz, aurten ere, 8.000 eta 10.000 lagun inguru igarotzea espero dute. Hala ere, argi dute arduradunek eguraldiak eragin handia izango duela bisitetan.
Prentsaurrekoa egin dute goizean, ekimen guztien berri zehatza emateko. Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta aurretik ez da izena eman beharko. Astelehenetik ostiralera 17:00etan hasiko dira jarduerak, eta igandetan, berriz, 12:00etan. Jarduerak hala banatuko dituzte: Liburutegian, astelehen eta ostegunetan; Natur Txokoan, astearte eta asteazkenetan, eta Historiaren Etxean, ostiral eta igandeetan. Ipuin kontaketak, altxorraren bila, tailerrak… Aukera zabala izango da. Edonola, jarduerak egingo ez dituzten egunetan ere, hiru guneak zabalik egongo dira: Liburutegia, 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 18:30era; Natur Txokoa, 16:30etik 18:30era; eta Historiaren Etxea, 10:00etatik 17:30era.
Kanoiak berritu dituzte
Aurreko urteetan egin duten moduan, Urgulleko zenbait kanoiei berriztatze eta mantenu lanak egin dizkiete. Gazteluaren patioan dauden burnizko lau kanoi eta bere euskarriak landu dituzte. Horiez gain, erakusketan dauden zenbait kanoien egoera ere hobetu dute. Gainera, XVI. mendeko kanoi bati euskarri berria egin diote, eta orain, bere osotasunean ikus daiteke.



