Bihar hiriko eraikin nagusien argiak itzaliko dituzte ordubetez
Donostiako Udalak bat egingo du bihar Planetaren Ordua ekimenarekin; mundu osoko 6.000 hiri mobilizatzea espero dute.
Bihar Donostiako Udalak klima aldaketaren aurkako ekimen batean parte hartuko du: WWF (World Wildlife Fund) erakundeak antolatutako Planetaren Ordua mobilizazioan parte hartuko du. Mundu osoko 6.000 hiri mobilizatzea espero dute, hirietako eraikuntza eta monumentu garrantzitsuenak itzaliz. Axier Jaka Ingurumen zinegotziak azaldu du ekimen honen helburua dela erakundeak eta herritarrak kontzientziatzea: “Klima-aldaketaren eraginez, jasaten ari garen ondorioei ekintza zehatzen bitartez aurre egitea beharrezkoa dela ulertarazi nahi dugu”.
Oraingo honetan, itzalaldia 20:30etatik 21:30etara izango da. Ordu horretan honako lekuetako argiak itzaliko dira: Kontxako badiakoak, Santa klara uhartekoak, Urgull mendiko harresi historikoetakoak, Donostiako Udaletxeko ornamentazio-argiztapenekoak, Kursaal aretokoak, Victoria Eugenia Antzokikoak, San Telmo museokoak, eta liburutegi eta Kultur Etxeetakoak.
Donostiako Udalak itzalaldiarekin bat egin du urtero ekimena sortu zenetik, eta aldi berean, CO2-aren emisioak murrizteko hainbat neurri garatu ditu. Donostia aitzindaria izan zen Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko Plana landu zuenean. Egun Klimaren Aldeko Alkateen ituna sinatua du eta Energi Jasangarritasun Ekintza Plana diseinatu eta onartu berria du.
Jakak gogorarazi du aldaketa garrantzitsuak gauzatzen ari direla hiriko argiterian eta udal eraikinetan: “Azpimarratu beharreko proiektuen artean, udal eraikinen monitorizazioa, auditoria energetikoak eta neurri hobetzailen ezartzea daude. Gainera, berotegi-efektuko gasen neurketan aurrera pausoa egin da inbentarioak Iso 14 069 normari jarraiki ziurtatzeko”.
Herritarren energi kontsumoa bultzateko Donostiako Familia -CO2 proiektua bultzatu da hirugarren urtez. Proiektu honen lehenengo fasean jada 41 famili ari dira parte hartzen. Apiriletik aurrera bigarren fase bat hasiko gara. Informazio gehiago lortzeko edo izena emateko: 943 48 33 90 edo ingurumena@donostia.org.