Bizikletaren erabilerak nabarmen egin du gora azken 10 urteetan (Argazkia: Mikel Goñi)
Donostiako Udalak adierazi du hirian bizikletaz zirkulatzeko kaskoa nahitaez janzteko ekimena arbuiatzen duela. Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak duela gutxi aurkeztu duen zirkulazioaren araudi orokorra aldatzeko errege dekretu proiektuaren kontrako alegazioak aurkeztea erabaki du Udalak. Udal talde guztiak ados agertu dira gai horren inguruan, eta datorren apirileko osoko bilkuran guztien adostasuna lortzea espero den erakunde adierazpena aurkeztuko du.
Erreformaren proiektuak ziklista guztiek kaskoa nahitaez janztea proposatzen du, baita hiriguneetan ere. Donostiako Udaleko taldeen arabera, horrek bizikletaren erabilera mugatuko luke. Gainera, Europa osoan kasu bakarra izango litzateke. Neurri horrek motorrik gabeko garraiobideak eta ordezko garraiobide gisa bizikletaren erabilera sustatzeko kaltegarria izango litzateke.
Udalaren arabera, Donostia bizikletaren erabilera handiena duen hirietako bat da, egunean batez beste 16.000 joan-etorri izaten baitira. Horrenbestez, neurri horrek eragin zuzena izan lezake bizikleten erabileran eta joan-etorrietan bizikleta erabiltzeko joeraren hazkundean.
Udalak alegazioen bidez, bizikletaz eskuineko errailetik zirkulatzeko beharra eta bizikletan espaloitik zirkulatzeko aukera arbuiatuko ditu. Azken kasu horretan, Udalak alderik kalteberena babestu behar dela uste du, oinezkoak, alegia.