Gaztegunea sortzeko auzolanari bihar emango diote hasiera
Bihar, larunbata, hasiko dira Antiguako Villa Alegria etxean -Lugaritz kultur etxearen atzealdean- Gaztegunea sortzeko parte hartze prozesua eta auzolana, goizeko 10:00etatik 14:00etara. Auzoko hainbat gaztek eta eragilek Udal Gobernuarekin hainbat hilabetez aurreproiektua landu ondoren, orain gazteek beraiek erabakiko dute zer jarduera egin eta nola antolatu. Gainera, auzolanaren bidez konpondu eta egokituko dute eraikina.
Bihar hasita, hilabetean behin, larunbatean, bilerak eta auzolana uztartuko dituzte. Bileren helburua da Gaztegunearen kudeaketan edo ekimenen antolaketan esku hartu nahi duten edo, besterik gabe, ekimenetan parte hartu nahi duten gazteen taldea osatzea. Batzar moduan funtzionatuz, proposamen guztiak aztertuko dituzte, ahalik eta proiektu zabalena eta onena eratzeko.
Naiara Sampedro, Gazteriako zinegotzi ordezkariak, Antiguako gazte guztiak parte-hartzera gonbidatu ditu. “Gazte guztiak gonbidatu nahi ditugu prozesu honetan parte hartzera eta nahi duten espazioa egitera”, esan du zinegotzi ordezkariak. “Proiektu aitzindaria, berritzailea eta irekia da”, erantsi du.
Udal Gobernuaren 2013-2015eko Gazte Planean dago Gaztegunea sortzeko asmoa. Garai batean haurtzaindegi izan ondoren, hutsik zegoen Villa Alegria eta orain auzoko gazteek erabiliko dute.
Bihar ez ezik, egun hauetan ere aurreikusi dituzte bilerak egitea: martxoak 23, apirilak 20, maiatzak 18 eta ekainak 8.