Irakasleek lan txukuna egin dute berriro
Korrikaren etorrerarekin, irakasleek aipamen berezi bat merezi dute. Hain zuzen ere, Donostian egindako Korrika Txikien ardura nagusia eurena izan da, eta erantzukizuna ez da makala izan; hiriko hainbat ikastetxetako ehundaka haur kalera irten baitira, euskararen alde auzoetako errepideak hartzeko.
AEK-k laguntza oparoa ematen die ikastetxeei Korrika Txikiak antolatzeko, baina irakasleen lana ezinbestekoa dela onartu du Korrikaren Donostiako arduradun Xabier Garmendiak. “800 haurrek parte har dezakete, errepidetik doaz, eta ongi antolatu beharra dago. Irakasleek ardura handia izaten dute. Normalean, eurek izan behar dute umeen ardura, baina guk ere jendea jartzen dugu laguntzeko», azaldu du.
Eta hala izan da; Xabier Garmendia berak, AEK-ko kideek eta laguntzaileek eta, nola ez, ikastetxeetako irakasleek lan handia izan dute egun osoan zehar, Korrika Txikietan parte hartu duten haurrak zuzentzen ibili dira eta. Gaztetxoek Egia, Intxaurrondo eta Gros hartu dituzte, besteak beste, ostegun eta ostiralean. Horrenbestez, irakasleen lanak emaitza oparoa ekarri du beste urte batez, Groseko Korrika Txikian ateratako irudiak lekuko.