Koldobika Jauregik osatu du Musika Hamabostaldiaren kartela
74. Musika Hamabostaldiaren kartela aurkeztu dute gaur goizean. Koldobika Jauregi artistari eskatu zioten antolatzaileek enkargua aurtengorako, eta harro erakutsi du bere lana. Kartela txuri-urdina da, eta artistaren hitzetan, oroitzapen batean oinarritua dago. “Ia 16 urte izan nituen arte Grosen bizitu izan nintzen”, gogoratu du Jauregik.
Kartelaren goikaldea urdina da, eta behekaldea txuria, hizki beltzekin. “Zati txurian ageri den marrazkia Kursaal izan daiteke, espigoiko harrokak edo bikote bat hondartzan besarkatuta”, gehitu du Jauregik. Jauregik esan duenez, Kursaaleko entzuleku barruan egon denetan, askotan pentsatu izan du “zein polita izango litzatekeen, kontzertua entzuteko bitarte horretan, harrizko frontea desagerrarazi eta eraikina inguratzen duten itsasoa eta zerua ikusi ahal izatea”. Hori horrela, pentsamendua kartelean islatzea erabaki du.
Hamabostaldiaren egitarauaz ezer gutxi aurreratu dute, “polita” izango dela. Hilabete inguru emango omen dute egitarau zehatzaren berri.