Jende ugari bildu da gaur arratsaldean Easo plazan, Herrien Nazioarteko Jaialdian (Argazkiak: E. Zabala)
Gazta, poltsak, apaingarriak, mantelak, jaboiak, sukalderako tresnak, jostailuak, garbiketarako produktuak, ordulariak, pastelak… ia denetik eros daiteke egunotan Amaran, Nazioarteko Herrien Jaialdian. Lehen aldiz antolatu du ekimena Amara Bai auzo elkarteak, eta integrazioa du helburu, aisialdiaren bidez. Easo plazan hasi zen jaia atzo bertan, eta apirilaren 1a arte, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, egunero izango da zertaz gozatu. Herritar guztiei zabaldu diete deia antolatzaileek.
Ekuador, Egipto, Kuba, Brasil eta beste herrialde askotako kultur aniztasunaren lekuko izango da Amara. Izan ere, herrialde horietatik etorriko dira, euren folklorea erakustera, kanta eta dantzen bidez. Ikuskizunak kioskoan egiten dituzte, eta gaur arratsaldean, esaterako, herritar askoren arreta deitu du musika afrikarrak. Kioskoaren inguruan, berriz, aurrez aipatutako produktu horiekin guztiekin hainbat postu jarri dituzte.