(Argazkia: gipuzkoabasket.com)
Derbi garrantzitsua zuen eskuartean Lagun Aro GBCk atzo arratsaldean. Izan ere, Caja Laboral Baskoniari irabazita, jaitsiera postuetatik kanpo jarraituko luke. Zoritxarrez, ordea, 88-80 galdu zuen Sito Alonsoren taldeak. Gainera, Fuenlabradak Valladoliden aurka 84-74 irabazi zuenez, berriro ere jaitsiera postuetara erori da Donostiako taldea.
Zoritxarrekoa izaten ari da Lagun Aro GBCrentzat 2012-2013 denboraldia, eta badirudi ez dela burua altxatzeko gai. Qyntel Woodsen baja jasan behar izan zuen atzokoan, esaterako, eta eragin handia izan zuen partidan, GBCren zorigaiztorako. Edonola, oraindik Liga ez da amaitu, eta ACB Endesan mantentzea lor dezake. Datorren jardunaldian, Kanaria Handia izango da Lagun Aro GBCren aurkaria, Donostia Arenan, martxoaren 30ean, 19:15ean.