Asteazkenetik aurrera probatu ahalko dira bizikleta publiko berriak Bulebarrean
Asteazkenetik aurrera donostiarrek bizikleta publikoak erabili ahal izango dituzte Bulebarrean, udaletxe ondoan. Bizilagunek bizikleta berriak hartu eta ibilbide labur bat egin ondoren, inkesta txiki bat bete beharko dute. Horrela, erabiltzaileen iritziak jaso eta modelo egokia aukeratuko da. Bizikleta publiko guztiak elektrikoak izango dira, eta ondoren erabiltzaileek aukeratuko dute sistema hori erabili edo ez. Donostia izango da alokairuko bizikleta guztiak elektrikoak izango dituen Europako hiri bakarra.
Gainera, asteazkenetik aurrera bizikleta publikoaren sisteman aurretik izena emateko aukera eskainiko dute. Bi aukera izango dira horretarako: estazioaren ondoko informazio puntuan edo internetez Dbizi.com webgunearen bidez. Urteko bonoa 40 eurokoa izango da, eta erabiltzen den aldi bakoitzeko lehen 20 minutuak doan izango dira.
Hasiera batean, bizikleta publikoaren sistema berriak 12 geraleku izango ditu: Bulebarrean, Gipuzkoa plazan, Easo plazan, Katalunia plazan, Bermingham kalean, Arccon, Antiguako anbulatorioan, bi geraleku unibertsitate inguruan eta bana Pio XIIeko autobus geltokian, Renfeko tren geltokian eta Anoetako metro geltokian. Guztira 80 bizikleta egongo dira erabilgarri, eta 170 euskarri bizikletak uzteko. Denborarekin geraleku kopurua handitu eta 25era iristea aurreikusten du Udalak, eta zerbitzua Añorga eta Herreraraino zabaltzea espero dute.