Ezkerretik lehena, Altza XXI elkarteko kide Iosu Urrexola. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Donostialdeko Metroari buruzko mahainguruan ekarpen interesgarriak egin dituzte. Hizlarien artean Altza XXI auzo elkarteko kide Iosu Urrexola egon da, eta, egitasmoari buruz ez ezik, egungo lurralde ereduari buruz ere hitz egin du. Hain zuzen ere, kritikatu du desoreka handia dagoela hiri eta herrien artean, eta dena egiten dutela Donostia erdigune bihurtzeko, inguruan daudenen kalterako. Altzaren kasua aipatu du. “Altzan 25.000 pertsona bizi gara. Donostiarekin 5 minuturo lotura izatea ez dugu nahi, Altzan 24 orduz bizi ahal izatea baizik. Dena antolatuta dago Donostiaren menpe egoteko”, azaldu du, eta Metroarekin eredu hori sendotu nahi dutela salatu du.
Mahaingurua bertatik bertara jarraitzera hurbildutako lagunei galderak egiteko aukera eman diete. Orduan ere ekarpen interesgarriak entzun dira; Eguzkiko kide Martin Ansok egindakoa, kasu. Hain zuzen ere, Donostialdeko Metroak propagandatik asko duela esan du eta giltzetako bat egun dagoen trenbide sareari erabilpen hobea ematea litzatekeela azpimarratu du. Bikoizketaren alde azaldu da, maiztasuna eta segurtasuna hobetze aldera.