Lore-Tokiko zalditegia. (Argazkia: Xabier Etxabe)
Udalbatzak, Bildu, PSE-EE eta EAJren aldeko botoekin, Lore-Tokiko lurrak eskuratzeko asmoa duela berretsi du. Hain zuzen ere, erakunde adierazpen baten bitartez, Espainiako Defentsa Ministerioari lur horiek Donostiari saltzeko eskatu diote, aurreko agintaldian Odon Elorzaren gobernuak Madrilekin sinatutako hitzarmenaren baldintza berdinetan.
Udal gobernuak jakinarazi du Lore-Tokiko lurretan aisialdirako gune bat eraikiko lukeela; lurren jabe den Defentsa Ministerioak, ordea, ez omen du Donostia uzteko asmorik. Horixe aurreratu du, behintzat, PPko ordezkari Ramon Gomezek. “Kantabriara joateko asmoa zuten, baina zalditegia ez dute momentuz lekuz aldatuko”, esan du, eta, albiste hori baliatuta, Lore-Toki zalditegi gisa sustatzeko proposamena egin du; “lanpostuak sortzeko”.
Loiolako koartelen lurrak eskuratzeko aukera zapuztuta, Lore-Toki berreskuratzeko ahalegina egitea dagokiela adierazi du Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek. EAJko ordezkari Iñaki Gurrutxagak, jeltzaleek erakunde adierazpena babestu arren, esan du aldeko botoa ez dutela “gogo gehiegirekin eman”. Nabarmendu du Loiolako koartelen lurrak direla lehentasuna. “Iruditzen zaigu Lore-Tokiko eztabaida erabiltzen dela Loiolako koartelen lurrak lortu ez izana estaltzeko”, esan du.