Bizikleta publikoak. (Argazkia: Donostia.org)
Gaurko udalbatzarrean, EAJk mozio bat aurkeztu du alokairuzko bizikleta publikoaren egoera zertan den galdetzeko. Enpresa berri batek kudeatuko du zerbitzua eta aste honetan lehen probak egin dituzte. Baina, jeltzaleek kritikatutakoaren arabera, atzerapen handiarekin jarriko dira berriro bizikletak herritarren eskura, epez kanpo. Hori dela eta, hiriak bizikleta publikorik gabe hiru hilabete daramatzala salatu du EAJk.
Mugikortasun zinegotzi Jon Albisuk onartu du atzerapena, zerbitzua otsailean prest egotea baitzen helburua. Enpresak zenbait arazo izan dituela jakinarazi du, baina zerbitzua laster jarriko dela abian nabarmendu du. “Zerbitzu honen erantzukizun politikoa nire gain hartzen dut. Otsailerako aurreikusita zegoen, eta ez da horrela izan. Nire ardura aitortzen dut”, azaldu du Albisuk, eta horregatik Bilduk mozioari aldeko botoa emango ziola arrazoitu du. Hori bai, Mugikortasun zinegotziak adierazi du aldaketekin sistema “moderno eta osoagoa” bat izango duela hiriak, “ordutegi zabalago batekin” eta “oztopo geografikoak gainditzeko” baliabideekin; bizikletak elektrikoak izango baitira. Bizikletak alokatzeko 16 gune gehiago egongo direla ekarri du gogora, eta udalak hau guztia beste erakundeen diru laguntzarik gabe egin duela azpimarratu du, “egungo egoeran oso garrantzitsua dena”.
EAJko Martin Ibabek, PSE-EEko Denis Itxasok eta PPko Iñigo Arkauzek Albisu kritikatzeko baliatu dute mozioa. “Donostiarrek bizikleta har zezaketen lehen, eta orain ez. Hori da errealitatea”, salatu du Ibabek. “Bizikleta arloan eredu izaten hasi genuen legegintzaldia, eta orain azken postuan gaude beste hiriekin alderatuta”, adierazi du Itxasok. “Udal gobernuak bazekien lehiaketarekin jarri behar zela, aurreko esleipena amaitzen zela. Bi urte geroago, lehiaketa egon da, enpresa badugu, baina bizikletak falta dira”, esan du Arkauzek.