Ramon Gomez, erdian (Argazkia: Nagore Koch).
PSE-EEk goizean aurreratu du aldarrikapen politikoak dituzten kartelak eta pankartak jartzea arautu beharra dagoela, eta horretarako arau proposamen bat aurkeztuko duela. Arratsaldeko udalbatzarrean, berriz, PP eta EAJ izan dira udaletxeko balkoitik zintzilik dagoen pankarta hizpide izan dutenak. Mozio bana aurkeztu dute.
Ramon Gomezek esan du “terrorismoaren biktimen memoria” ez duela errespetatzen pankarta horrek, eta udaletxeko fatxada “esekitoki” bat ezin dela izan gaitzetsi du. “Alkatea ez da txiringito baten burua, Donostiako Udalarena baizik. Egun batean presoen aldeko pankarta bat jartzen dute, eta beste egun batean Kurdistango bandera”, erantsi du.
EAJko ordezkari Aitziber San Romanek argi utzi du jeltzaleak ez daudela pankartaren edukiaz ari. “Udaletxe honetan pankartak jarri dira, baina akordioan oinarrituta. Eta hori eskatzen dugu, Bozeramaileen Batzordean adostu dadila”, esan du. “Ez dugu eskatzen kentzeko, adostea baizik”, berretsi du.
Udal gobernuko bozeramaile Josu Ruizek esan du udaletxean dagoen pankartaren leloarekin bat etorri zela Udalbatza; giza eskubideen eta bakearen alde egiten duelako, eta euskal presoak Euskal Herriratzeko aldarrikapenarekin bat datorrelako. “Ez du inor mintzen, eta udalak bere inplikazioa erakutsi nahi izan du, egungo egoeran denon inplikazioa behar baita konponbidea lortzeko”, azaldu du.