Denis Itxasok, eskuinetik lehena, udal ordenantzaren aldaketa defendatu du. (Argazkia: Nagore Koch)
Martxoko udalbatzarra asteartera aurreratu dute, Aste Santuko oporrak direla-eta. Erabaki garrantzitsua hartu dute. Izan ere Oinezkoen eta Ibilgailuen Zirkulaziorako Udal Ordenantza aldatzeko arau proposamena onartu dute, PSE-EE, PP eta EAJ udal taldeen aldeko botoei esker. Bilduk aurka bozkatu du, aldaketekin ados ez dagoela nabarmendu eta gero.
Hain zuzen ere, adostutako proposamenak aurreikusten du San Martin, Urbieta eta Zabaleta kaleetako autobus bidean aparkatzea, ostirala eta larunbata gauetan, baita jai bezperetako gauetan ere, gaueko aisia sustatzeko helburuarekin.
PSE-EEko ordezkari Denis Itxasok azaldu du urtetan egin dena legez ahalbidetzea ekarriko duela aldaketak. “Gune publikoei ahalik eta probetxu gehien ateratzea da helburua. Gauez, 23:00etatik 6:00ak arte, autobus bidea aparkatzeko erabil daiteke inongo arazorik gabe”, esan du. PPko ordezkari Iñigo Arkauzek beste hiri batzuetan horrelako neurriak hartu dituztela esplikatu du, eta proposamenak lanpostu gehiago ez desagertzeko balioa izango duela azpimarratu du, neurriak Erdialdeko gaueko aisiari onura ekarriko diolakoan. EAJko ordezkari Martin Ibabek, bere aldetik, esan du Zubieta kalea ere proposamenean dagoela eurei eta PSE-EEri esker. Udal ordenantza aldatzeko garaian zabor bilketan arazorik eragingo duen edo ez kontutan hartu dutela erantsi du.
Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk udal gobernua neurriaren kontra dagoela jakinarazi du, eta arrazoiak zerrendatu ditu. “Proposamen honek interes konkretu batzuk besterik ez ditu defendatzen, negozio konkretu batzuk. Lehen mailako taberna eta dantzalekuak daude, bistan denez. Gainera, autoa erabiltzearen alde egiten du autoaren erabilpena gutxitu behar den ordutegian; gauez, alegia. Proposamena bidegabea da auzotarrentzat eta gaueko aisian lan egiten duten gainontzeko negozioentzat”.
Aldaketa onartuta, herritarrek emendakinak jartzeko aukera izango dute datozen hilabetean. Epe hori amaituta, emendakinik egon ezean, Oinezkoen eta Ibilgailuen Zirkulaziorako Udal Ordenantza aldatuko lukete behin betiko.