Ehundaka lagunek azaldu diote Iberori elkartasuna
Elkarretaratze jendetsua egin dute Bulebarrean; Iberoren deia jaso dute Martuteneko kartzelatik.
Elkarretaratzea egin dute bigarrenez Ekaitz Ibero gaztearen atxiloketa salatzeko. Ehundaka lagun bildu dira Bulebarrean.
Ondoren, gaur goizean egin duten antzera, “Ertzaintza zigortuen bila etortzen denean topatuko duten babesa” irudikatu dute gazte zigortuak erdialdean jarri diren eserialdi batekin.
Une hunkigarria bizi izan da elkarrearatzean Martuteneko kartzelatik Iberoren deia jaso dutenean. “Dena ondo atera dela” esan du eta eskerrak eman ditu jasotako babesagatik. “Jo ta ke irabazi arte” esanez amaitu du deia.
Egunean zehar gertatu dena kontatu dute eta haiek eramatea “kostako zaiela” berretsi dute. Hautua “gauzak erraz ez jartzea” izaten jarraitzen duela esan dute eta jendearen babesa eskatu dute berriro.
EAJri zuzendu dira gazte zigortuak eta “haien polizia herriaren mesede eta ez Espainiako lege faxistak betetzeko” erabiltzeko esan diete.
Iberoren eta euskal gazteriaren aldeko oihuak egin dituzte, baita presoen amnistia eskatzen ere.
Gaur egun osoan zehar Iberoren atxiloketa salatzeko, baita zigortutako 8 gazteei babesa emateko elkartasunez bete dute Bulebarra. Aske Gunean hainbat ekimen egin dituzte eta jende mugimendu zabala egon da arratsalde guztian zehar. Hala jarraitzeko deia zabaldu dute.

