Ekaitz Ibero atxilotu dute
http://youtu.be/JBn0UwARzLs
Bulebarrean gazte zigortuen alde sortutako Aske gunean sartu da Ertzaintza eta gaztea preso eraman du Ertzaintzak. Bertan lurrean eserita zegoen jendea altxarazi du kolpeka, eta hamarnaka zauritu daude.
Ertzaintza Donostiako gazte zigortuen alde sortu duten ‘Aske gunera’ sartu da indarrez, eta Ekaitz de Ibero gaztea atxilotu du. Era berean, gunea inguratu du. Gunean zeuden lagunak lurrean eseri dira eta hauek altxarazi ditu Ertzaintzak, kolpeka. Twitterren azaldu dutenez “hankaz gora jarri dute Aske Gunea, eta txikitu egin dute”.
Naiz.info-ren arabera, goizean goiz ekin diote martxari ‘Aske gunean’. 8.30etan, hiru zutabetan banatuta, kondenatutako gazteak euren etxeetan jaso eta Bulebarrera abiatu dira. LAB sindikatuak eskaini beharreko hitzaldia amaitu berria zen Ertzaintza sartu denean.
Auzipetuetako batek Beñat Apalategik Info Zazpi irratian azaldu du gertatutakoa: “Ertzaintza ‘Aske gunea’-n agertu da. Jendeak Ekaitz Ibero inguratu du, eta haren inguruan eseri dira. Ertzaintza bortizki sartu da karpan. Karpa hautsi eta pankarta guztiak kendu dituzte. Jendearen kontra egin dute, Ekaitzengana iritsi diren arte”. Groseko gazteak jendearen babesa eskertu du bere adierazpenetan: “Izugarria izan da jendeak eman duen babesa. Ez du bi aldiz pentsatu, eta Ertzaintza agertu denean Ekaitz inguratu dute, hura babesteko”.
Ertzaintza Donostia Ospitalera eta Sorospen Etxera joan dela salatu du Apalategik: “Zaurituak identifikatzeko”.
Apalategik ‘Aske gunea’ “erresistentzia” espazio bat dela esan du, eta zigortuta dauden zortzi gazteak defendatuko dituztela: “Ez dugu onartuko zigortutakoak preso eramatea, eta ez diegu erraz jarriko”.
(Bideoa: Ekai Txapartegi/Ekainet)
- Twitter / @sergiolabayen
- Twitter / @Amarakogazteak
- Twitter / @Amarakogazteak)
- Twitter / @Amarakogazteak
- Twitter / @JosetxoIbazeta