Joxan Lizarribarren omenezko hileta-elizkizuna bihar izango da, Ibaetako Espiritu Santua elizan
Joxan Lizarribar (Altzo, 1951) Berria Taldeko presidentea atzo hil zen, duela zenbait astetik biriketan izandako arazo batzuen ondorioz. Ospitalean izan ostean zendu zen, Donostian. Hil kapera Donostiako Errekalde auzoko beilatokian jarri dute gaur, eta senideei babesa adieraztera euskara eta kultura munduko hainbat lagun gerturatu dira. Bihar arte izango dute zabalik hil kapera, 13:15ean bitartean, eta 19:00etan egingo dute hileta-elizkizuna Lizarribarren omenez, Donostian, Ibaeta auzoko Espiritu Santua elizan.
Hil kaperatik pasa direnetako bat Harkaitz Cano idazle donostiarra izan da. Lizarribarrek Euskal Herriko sortzaileekin eta artistekin «harreman estua» zuen gaur egun ere; Harkaitz Cano berarekin, Mikel Urdangarinekin, Kirmen Uriberekin eta Ainhoa Artetarekin, esaterako. Lagun zituen, eta ahal zuen neurrian lagundu egin zien aurrera egiten. Hil kaperan, Canok esan du «nekez eta bakan topatzen diren horietakoa» zela Lizarribar: «Bazeukan nazio ikuspegi bat, baina ikuspegi hori praktikan jartzen zuen».