Reyes Karrerek Bera Bera Eskubaloia utziko du
Malkoei eutsiz eman du albistearen berri Reyes Karrerek, Bera Bera Eskubaloiko entrenatzaileak. “Guztiz arrazoi pertsonalengatik datorren urtean ez dut taldea entrenatzen jarraituko. Erabakia duela hilabeteak hartu nuen, eta Bera Berako entrenatzaile moduan bete dudan aroa bukatu da. Niretzako ona dela uste dut, eta niretzako ona bada, taldearentzat ere ona da”, adierazi du Karrerek goizean egindako agerraldian. Tati Garmendia kirol arduraduna izan du ondoan Karrerek, eta azken sei urteetan bi kopa eta bi superkopa lortu dituztela gogorarazi du, baita maiatzean beste zerbait ospatzea espero duela ere. “Reyes Karrerez hitz egitea konpromisoaz, lanaz eta seriotasunaz hitz egitea da. Klubarekin lotura estua izan du, eta sekulako lana egin du. Nik hemen denbora gutxi daramadan arren, kluba osatzen dugun guztien izenean hitz egiten dut, eta balore horiengatik beti eskerrak eman beharko dizkiogu. Aro berri bat hasiko dela uste dut, baina aurrerago hitz egingo dugu hortaz. Galera handi bat izango da, baina kito, beste aro bat hasiko da”, adierazi du Garmendiak.
Edonola, jokalari eta entrenatzaile postuetan Bera Beran 23 urte eman ostean, agur esango du Errenteriako entrenatzaileak. Bera Berarekin era batera edo bestera beti lotura izango duela argi utzi du Karrerek, baina ez du klubaren egituraren parte izaten jarraitzeko asmorik.
Bost partida falta zaizkio Bera Berari ABF Liga bukatzeko, eta lider postuan jarraitzen du. Castelldefels, Cleva, Zuazo, Rocasa eta Castro taldeak izango dira aurkariak, eta “bost final” izango direla adierazi du Karrerek. “Lehenengoak bukatzen badugu hobeto, baina bestela ere pozik joango naiz”.