Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu behar dute Eneko Olasagasti zuzendari donostiarraren lana. Estreinaldirako sarrerak agortu direnez beste emanaldi bat egingo dute, apirilaren 25ean.
Datorren ostegunean, apirilaren 25ean,
Alardearen seme-alabak filmaren bigarren proiekzio bat egingo dute Giza Eskubideen XI. Zinemaldiaren barruan. Izan ere, Eneko Olasagasti zuzendari donostiarraren lanak ikusmin handia piztu du, eta jada apirilaren 23ko estreinaldia ikusteko sarrerak agortu egin dira. Apirilaren 25eko proiekzio hau 22:30ean izango da, Viktoria Eugenia Antzokian. Euskaraz emango dute, eta ez du azpidatzirik izango. Sarrerak (4,10 €) salgai dira jada ohiko salmenta puntuetan.
Olasagastik
Alardearen seme-alabak dokumentala ondu du Jone Karresekin batera. Hondarribiko eta Irungo alardeen iragana eta oraina jorratu ditu filmak, «pertsonen sentipenetatik abiatuta». Horiek esandakoak adituta, eta bi herrietako alardeak bertatik bertara bizita, Olasagastik zera ondorioztatu du: «Dokumentaleko elkarrizketatu batek esaten duen bezala, alardea sintoma bat da». Berdintasun gabeziaren sintoma, alegia.