Aske Guneak bizi-bizirik jarraitzen du egitarau zabalarekin; herritarrek “elkartasunetik konpromisora pausoa” eman dutela azpimarratu dute.
Elkarretaratzea egin dute gaur ere gazte zigortuei babesa eman eta sententzia politikoak salatzeko. Gaur ere, jendearen elkartasuna ez dute falta izan Bulebarrean.
Bertan izan dira besteak beste, Sortuko kide Pernando Barrena eta Joseba Alvarez. Barrenak berretsi du epaiak “jite politikoa duela” eta gazteek Aske Gunean erakutsitako konpromiso eta heldutasuna azpimarratu ditu; “eraso honen aurka, gazteak Aske Gune honetan kristoren lezioa ematen ari dira”, esan du. Afera politikoari dagokionez, Estatu espainolari eszepzioaren legedi eta epaiketekin amaitzeko eskatu dio, “bake prozesuaren aurkakoak” direlako.
Biharko manifesaziora deia egin dute gazteek berriro ere. 17:00etan egingo dute, Bulebarretik.
Eguerdian kantu emanaldia egin dute Bulebarrean hainbat kidek batera. Ondoren Ramon Agirrek hartu du gitarra.
Astebete gehiago Bulebarrean

Eleakeko kide Txerra Bolinagak oso ondo baloratu du aste hau. Azaldu duenez, uste du herritarrei eskatutako “elkartasunetik konpromisorako pausoa” eman dutela. Hala, astebete gehiago bertan egongo direla azaldu du.
Gaur 16:00ean Ze esatek! taldeak kontzertu akustikoa emango du. Ondoren, 18:00etan, bertso saioa egingo dute Unai Gaztelumendi gaijartzaile bezala izanda. Kantari Sustrai Colina, Amets Arzallus, Alaia Martin, Jokin Uranga, Xabier Xilbeira, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio arituko dira.
19:30ean, egunero bezala, kontzentrazioa egingo dute.
Bihar ere goizeko 9:00etan hasita, egitarau oparoa izango da, 17:00etako manifestazioa bitartean.