Jazzaldiak agertoki berdeko musikarien izenak iragarri ditu. Hainbat jaialditan kartel buru izan diren artistak izango dira bertan
Zurriola hondartza musika izarrez beteko da aurtengo Jazzaldian. Hainbat jaialditan kartel buru izan diren musikariak izango dira bertan. Antolatzaileek gaur bertan iragarri dituzte agertoki berdean izango diren artistak: Jamie Cullum, Elvis Costello, Belle & Sebastian, Capsula, !!!, Shibusa Shirazu Orchestra, King Krule eta Nothing Places-ek kontzertu jendetsuak emango dituzte doako agertoki horretan
Robert Glasper, Reijseger/Fraanje/Sylla hirukoa, Gabacho Maroconnection, Igelaren Banda eta Ola Kvernberg ere Jazzaldian izango ditugu, doako emanaldietan, eta aurrez iragarritako Gregory Porter-en kontzertua ere berretsita dago
Agertoki Berdeak programa paregabea eta errepikaezina eskainiko du, askotarikoa eta izar distiratsuz josia, sarrera doan dela, Zurriolako hondartzako agertoki honetan ohikoa denez. Ez da harritzekoa, beraz, emanaldi jendetsuak izatea.
Jazzaldia indartsu hasiko da. Hasierako festan Jamie Cullum izango da, 2009ko Jazzaldian Trinitate Enparantzan eskaini zuen emanaldi bikaina oraindik jendearen oroimenean dela. Zurriola hondartzan eta inguruko terrazetan ere, Shibusa Shirazu Orchestra, Gregory Porter, Robert Glasper Experiment, Trio Reijseger/Fraanje/Sylla, Gabacho Maroconnection, Ola Kvernberg Trio eta Igelaren Banda izango dira.
Agertoki Berdeko gainerako kontzertuak beste hauek dira:
Uztailak 25 (osteguna)
21:30: King Krule
24:30. Elvis Costello & The Imposters
Uztailak 26 (ostirala)
21:30. Nothing Places
24:30. Belle & Sebastian
Uztailak 27 (larunbata)
21:30. Capsula
24:30. !!! (chk chk chk)